ICOE 2010 konferentziak munduko itsas energiaren Know-How bildu du Bilbon
Bilbo, 2010eko urriaren 6a.- Gaurtik aurrera, itsasoaren energiaren aprobetxamenduaren garapenean ari diren puntako enpresetako ordezkariak eta nazioarteko aditu nagusiak Bilbao Exhibition Centren bilduko dira, bertan egingo baita ICOE 2010, Itsas Energiaz Nazioarteko Konferentzia (International Conference on Ocean Energy Conf). Alor horretan munduko bilkura garrantzitsuena den aurtengo konferentzia hirugarren edizioa da.
Inaugurazio ekitaldia Bernabé Undaren eskutik egin da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua dena. Harekin batera, Iberdrola Renovableseko (energía garbiak garatzeko espezializatua den Iberdrolaren filiala) kontseilari delegatu Xabier Viteri, Joseba Jauregizar , Tecnaliako Zuzendari Nagusia eta José Ignacio Hormaeche, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Kontseilari Zuzendari Nagusia izan dira inaugurazioan.
Industria sailburuak adierazi du itsas energiaren aldeko apustua estrategikoa dela, berriztagarria eta ingurumena errespetatzen duen energia izateaz haratago, sailburuak hauxe gaineratu du: “Euskadik bere ahalmen industriala aprobetxatu nahi du, energia berriztagarrien alorrean gune teknologiko erreferentea izateko mundu osoan. Hori lortzeko bidean, bi egitasmo nagusi abiarazi dira: Mutrikukoa eta Armintzako bimep proiektua.
Bernabé Undaren iritziz, ICOE 2010 Konferentziak “Aukera aparta eskaintzen du ezagutza partekatu eta trukatzeko, lankidetza sareak eratzeko, eta azken finean, denon helburua den energia-iturri berriztagarriak sustatzeko bidean pauso berriak emateko”. Bestetik, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu den aldetik, Euskadi mundu osoko surf zaleentzat bilgune garrantzitsu bihurtu dela adierazi du. Hori dela eta, itsas energia garatzerakoan, itsasoan egiten diren beste jarduera edo erabilera batzuk, surf kirola, kasu, oso kontuan hartuko direla azpimarratu du sailburuak
600 ordezkari eta 90 txosten munduko adituen eskutik
Mundu osoko 600 ordezkari bildu dituen Itsas Energiaz Konferentziaren antolatzailea izateko dina edo merezimendua egin du Euskadik, ekimen aitzindariak sustatzeaz gain, itsasoko energia ustiatzeko egitasmoak gidatzen dituzten puntako enpresak baitaude Euskadin. Konferentzian goi mailako aditu ospetsuek parte hartuko dute; esate baterako, Nazioarteko Energia Agentziaren Energia Ozeaniko Ataleko presidente John Huckerby eta Energia Ozeaniko Europako Elkartearen presidente Alla Weinstein izango ditugu gure artean. Horiekin batera, puntako enpresetako ordezkariak ere izango dira Konferentzian. Hala, Frantziako Alstom multinazionalekoak, Europan itsasontzigintzan liderra den DCNS konpainiakoak, elektrizitate alorreko utilitiesen diharduten EDF eta Iberdrolako ordezkariak eta energia berriztagarrien ekoizpenean lehen enpresa europarra den Norvegiako Statkraftekoak izango dira itsas energiaren bilkuran.
Konferentziak bost osoko bilkura eta 18 saio paralelo izango ditu. Saio eta bilkura horietan 90 txosten aurkeztuko dira, itsas energiaren alorrean munduko adituen eskutik. Aldi berean, BEC azokan, bertaratuko diren enpresen zenbait erakustoki izango dira, ozeanoak energetikoki ustiatzeko azken teknologiak erakusteko asmoz. Hartara, enpresen eta I+G arloan aritzen diren zentroen arteko harreman sareak eratzeko aukerak izango dira, itsas energiari lotutako industria sektore berri eta indartsua abiarazteko.
Olatuekin zerikusia duten ekitaldi paraleloen barruan, Energiaren Euskal Erakundeak “Punta Galea EVE Challenge 2010-2011” deritzon proba edo lehiaketa babestuko du. Aurten bosgarren edizioa izango den lehiaketa hori leku ikusgarrian egingo da, Sopela inguruko Galea aldeko 60 metroko labarren ondoan. Sarbide zaila eduki arren, oso toki aproposa da surfean aritzeko alde hori; izan ere, olatu handiak eta ibilbide luzekoak daude bertan. Gainera, surflarien jarduna ikustera bertaratuko diren pertsonek ezin hobeto ikusi ahal izango dute toki horretatik.
ITSAS ENERGIA ZIFRETAN
• Itsas energia hornidura-iturri fidagarria, agortezina eta %100ean predeziblea da, CO2 emisioak gutxitzeko eta gero eta handiagoak diren energia premiei aurre egiteko zeregin garrantzitsua duena, Europan eta mundu osoan ahalmen edo potentzial handikoa.
• Itsas energiaren baliabideen barruan honako hauek daude: olatuak, mareak, itsaslasterrak, tenperatura-gradienteak eta gatz-gradienteak.
• 2050ean, itsas energiaren bidezko elektrizitatearen ekoizpena 645 TWh izan liteke, 100 zentral nuklearren ekoizpenaren baliokidea.
• Europak itsas energiaren alorrean potentzial handia du, eta 2020. urtean 3,6 GW-eko ahalmen instalatua izan liteke, eta 188 GW inguru 2050ean, 26.000 lanpostu zuzen eta 14.000 zeharka sortuko dituztenak 2020an; 314.000 eta 157.000 izan litekeenak 2050ean.
• Berotegi efektuko gas emisioen aurrezpena 2,6 milioi tona CO2 ingurukoa izango da 2020an, eta 136 milioi tona 2050ean.
• 2020 urterako aurreikusten den inbertsioa 8.500 milioi eurokoa da, eta 2050erako 451.000 milioi.
• Itsas energiak berrikuntza eta garapen ekonomikoa dakartza. Teknologia aldetik izaten ari den garapen eta bilakaera azkarrak ikustarazten du laster industria sektore garrantzitsua izango dela Europan.
• Ekimen pribatuaren eta publikoaren arteko ahalegin bateratua funtsezkoa da itsas energiaren inguruko industria europarra sustatzeko.
Irudiak